XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zehazki sinbolizatzailearen deskrizioa bada ere, sinbolizatua iradokia dago, sakonki iradokia gainera bide, ume zurtz metafora horien bitartez.

Lehenengo ahapaldiaren ondorioz polisemian oretuak dira arratsari dagozkion bertso lerro horiek.

Mundu iradokiorra osagai anitzez emana dago lauko handi honetan: lainoaren urreztadura, bidearen luzea han urrunean galtzera bailioan, argiaren azken izpiak galtzera doazenak, zeinak ezkutatzera doazen, noren eskutik izanari eutsi ez dutela geratu baino lehen: ume zurtz geldi orduko.

Hirugarren ahapaldian, berriz, udazkenaren deskrizioaz batera, eta deskrizioa bezainbat eta gehiago sinbolizatua marraztu du poetak.

Beti ere, labur eta iradokizun mundura zabaldurik.

Lehen estrofan bezala hirugarrenean bi errealitateen aipamen iradokiorra dakar, sinbolizatzaile bikoitza alegia, lehen bi bertso lerroetan; eta azken bi bertso lerroetan, lehen estrofako modura, sinbolizatua.

Lehen estrofan arratsaldea lehenengo, gero ilunabarra; baina beti ere deskrizio osagai berri eta iradokiorrez jantzirik:

Zugaitzen orri oriak,
Aize morea, baltzago.
[CLXXVII, 9-10]

Izadiaren heriotza deskribatzen du lehen irudiak, udazkenekoa.

Iluntasunaz adierazten du heriotzarako bidea:

horia zena, illun badirudi gainera, urtaroaren biluztura egunaren gaueztatzeaz jantzia datorrela hemen, ilun adjetiboak bai udazkeneko izadia bai arratsa deskribatzen dituela.

Arratsak dakarren laino eta zeru zolaren urregorrituaren moretzea iradokia da eta irudi bidez esana bestalde, ez baitu zeru zola moretzat ematen, haizea baizik.

Beraz, zeharka, zeru zola, adjetiboaren desbideratzea gauzatuz bi izariak jasotzen dituela, anbiguotasuna jasoz.

Aize morea, baltzago bertso lerro honek egunaren behera bidea adierazten du, batez ere more adjetiboaren indarrez.

Udazkenaren paraleloki dator hemen egunaren joana.

Hau, berriz, konparazioz jantzia datorren baltzago adjetiboaz indartua.

Hori, more mundu hori beltzera dator: ilun, beltz.

Nahiz ilunabarra nahiz udazkena biak ere heriotz unera.

Sinbolizatua, lehen estrofan gazi ta gozo egoeran ikusia, azken ahapaldian ahalmena galdurik eta noraezean somatzen dugu:

Ego gabeko nire joranak
nai ez dakian bat dauko.
[CLXXVII,11-12]

Poetaren izpiritua hegan egiteko ahalmenez gabetua ageri da batetik, eta bestetik, nolako nahi eta joranak daraman ez dakiela.

Bizitzaren halabeharrak eramana bezala, timoia galdu duenaren antzera.

Bere buruaren jabetasuna galdu duelarik.